Informazioaren arkitektura

Informazioaren arkitektura diziplina bat da (artea eta zientzia diren moduan), informazio-inguruneak egituratu, antolatu eta etiketatzean oinarritzen dena.

Gaur egun, informazioaz inguratuta gaude; gainezka egiten du, eta Interneten ondorioz, are gehiago. Gainera, testuinguru gero eta lehiakorrago honetan behartuta gaude informazioa eta edukiak arin kudeatzera. Hori dela-eta, produktu digital eta webgune eraginkorrak diseinatu behar dira, hau da, enpresaren nahiz erabiltzailearen helburuetara zuzenduak. Adibidez, enpresa bateko Intranetaren kasuan, informatikaren alorrean dabiltzan langileentzako, sailkapen konplexuagoak erabili daitezke. Aldiz, aholkularitza bulego bateko langileek ez dute zertan bestelako ezagutzarik izan behar; beraz, sailkapen sinpleagoa diseinatu behar da.

Hortaz, erabiltzailearen ezaugarrietan oinarrituta sortu behar da diseinua, erabiltzaileak informazioa arin, errez eta modu ahalik eta eraginkorrenean aurkitzeko. Hori ahalbidetzeko dago informazioaren arkitektura, informazioa bizkorrago bilatzea da helburua, eta horri, aurkigarritasun horri, findability deitzen zaio.

Informazioaren arkitektoak, hau da, web-orrialdearen diseinuaz ardurtzen den profesionalak identifikatu behar ditu webgunearen helburua eta erabiltzaileen beharrak. Horretarako, edukiak eta funtzionalitatea erabakiko ditu; antolakuntza, nabigazioa eta bilaketen sistemen bitartez harrera erraztuko du, eta etorkizuneko aldaketak eta web-orriaren hazkundea aurreikusiko ditu Peter Morville eta Louis Rosenfeldek adierazi zuten moduan.[1] Horregatik diote autore berdinek webguneak hiru zutabetan oinarritu behar direla: testuingurua, edukia eta erabiltzaileak. Informazio beharrak asetzeko estrategiei dagokienez, hiru bereizi daitezke: bilaketa, nabigazioa eta laguntza.

Osagaiekin hasi aurretik, berrypicking kontzeptua aipatu beharra dago: informatzeko modelo ohikoa da berrypicking. Erabiltzaileak estrategia bat edo batzuk erabiliko ditu informazioa aurkitzeko. Aurkitutakoa asimilatu eta ebaluatu ondoren, bere informazio beharra birformulatzen edota zehazten joango da konpondutzat eman arte. Sarri erabiltzen dugu modelo hau: nabigatzen aritzen gara, eta momentu batean, espero ez genuen zerbaitetara iristen gara. Arkitektura bera baino lehenago doa berrypicking.[2][3][4]

  1. Morville, Peter.. (2007). Information architecture for the World Wide Web. (3rd ed. argitaraldia) O'Reilly ISBN 978-0-596-52734-1. PMC 86110226. (Noiz kontsultatua: 2020-06-30).
  2. Agirreazaldegi, Teresa. (2006-01-01). «Manual de documentación para comunicadores (Elea Giménez)» El Profesional de la Informacion 15 (1): 78–79.  doi:10.3145/epi.2006.jan.15. ISSN 1386-6710. (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
  3. «Informazioaren arkitektura: zimendu sendo batzuk eraiki zure web interfazeetarako - Euskadi+innova» www.spri.eus 2007-07-12 (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).[Betiko hautsitako esteka]
  4. «Erabiltzailearen esperientzia, informazioaren arkitektura eta erabilgarritasuna - Euskadi+innova» www.spri.eus 2007-07-12 (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).[Betiko hautsitako esteka]

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search